Ione Zuloaga: «Iragana aztertuz, orainaldia ulertu eta etorkizun hobea eraiki beharra dago»

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ione Zuloaga Muxikak (Azkoitia, 1995) ‘Alegia, giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan 1936-1945’ liburua idatzi du. Azkoitiarrak gerra zibilean eta ondorengo frankismoan Alegian bizitako zapalkuntza eta errepresioak jaso ditu liburuan. Zuloagak odolean darama historiaren jakin-mina, eta, hortik abiatuta, mimo handiz ondu du bere lehen lana.

Nolako esperientzia izan da liburua sortzea?

Oso esperientzia aberasgarria izan da. Alegiako herritarrak beti egon dira laguntzeko prest. Artxibo lanaz gain, elkarrizketak egin ditugu, eta, beraz, beti alegiarrekin hartu-emanean jardun dugu proiektua osatu ahal izateko.

Zer kontatzen da liburuan?

Liburuaren bidez, gerra zibilean eta diktadura frankistan errepresioa jasan zuten alegiarrei erreparazioa eman nahi zaie; izan ere, pasatu zena jakiteak eta plazaratzeak urte luzeetan utzi ez dieten egia hori berreskuratzen laguntzen du.

Nolatan izan duzu Alegiako zati historiko horri buruz idazteko aukera?

Alegian, zehazki, bertako udalak sentitu zuen bere herritarrengan behar berezia zegoela, hau da, errepresioa jasan zuten alegiarrek egia, justizia eta erreparazioa behar zutela. Bide horretatik abiatuta, Alegiako Udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri zen, metodo zientifikoa erabiliz taxuzko ikerketa bat egin ahal izateko. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera, proiektua martxan jarri zen, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hori egin ahal izateko kontratatu ninduen.

Zein izaten dira Aranzadi Zientzia Elkartearen zereginak?

Irabazi asmorik gabeko zientzia elkartea da Aranzadi, eta hainbat sailez osatuta dago: giza eta gizarte zientziak, natur zientziak eta lurraren eta espazioaren zientziak. Gure ikerketa arloa, hain zuzen, giza eta gizarte zientzien eremuan kokatzen da, eta isilpean egondako iragan hurbila —denboran oraindik gertu dugun iragana— berreskuratzen saiatzen gara: II. Errepublikako garaia, gerra zibila eta frankismoa, esaterako.

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileontzat ezinbestekoa da gure iragan hurbila berreskuratzea. Beharrezkoa iruditzen zaigu gure arbasoek urte luzez inork utzi ez dien historiako garai anker hura berreskuratzea, gaur egungo gazteek gertatutakoa landu ahal izateko eta berriro halakorik ez errepikatzeko, batik bat. Gure birramonak, birraitonak eta aitona-amonak gerraren eta gerraren ondorengo sufrikarioen lekuko izan ziren: fusilamenduak, bonbardaketak, kartzela, umeen lapurretak eta kontzentrazio esparruetako atxiloketa eta torturak, besteak beste. Hori guztia berrogei urte luzez pairatu beharra izan zuten, eta 1975eko azaroaren 20an, Francisco Franco diktadorea hil zenean, bestelako gobernu baterako hautua egin zen. Ordea, berrogei urtez sufrikarioa mantendu zitzaien haiei ez zitzaien ahotsik eman, eta bi aldiz isilarazi zituzten.

Gure arbasoek bizitako gerra zein diktadura anker hura guztia argitara ateratzeak historia bere osotasunean irakurtzera eraman gaitzake, gure ustez. Gainera, gaur egungo gazteok hori jakiteak eta horren inguruko hausnarketak egiteak etorkizun hobe bat eraikitzeko balio digu. Beraz, gure ikerketa zientifikoak ez du elkarren arteko gorrotoa sortzeko asmorik; sufrikarioa eta historia isilarazi zaienei hura kontatzeko aukera eman, aitorpena egin eta gure etorkizun hobea eraikitzeko baliabide gisa erabili baino ez dugu nahi. Gainera, liburua gazteekin ari dira lantzen zenbait eskolatan, denetariko metodo pedagogikoez baliatuz.

 

«Batzuei, oraindik ere, eztarria korapilatzen zaie beren gurasoek pasatutakoaz mintzatzean»

 

Nondik datorkizu atzera begiratu eta aspaldiko garaietan gertatutakoa ikertzeko pasioa?

Txikitatik gustatzen zitzaidan ibaira jaitsi eta harriak biltzea. Kobaren bat ikustera joaten ginenean ere, etxera harri edo fosilen bat ekartzen nuen. Beti galdetzen nion neure buruari harri haiek nondik zetozen, eta fosilek iraganean bizitza eduki izanak izugarri liluratzen ninduen. Horrek gaur egun historiarekin konparazio txiki bat egitera narama; hain zuzen, fosilei liburuen zentzua hartu diet. Izan ere, fosilaren egitura aztertzeak haren iragana berreskuratzera bidera gaitzake. Eta, era berean, gure ikerketen emaitza diren liburuek ere gure ondorengoek beren arbasoen iragana aztertu ahal izateko balioko dute.

Bildumazaletasunak ez ezik, aitona-amonek kontatutako bizipenek kokatu ninduten bereziki historiako lerro honetan. Horrek guztiak Historiako Gradua egiten ari nintzenean XX. mendeko gatazketan kontzentratzera eraman ninduen. Argitaratu berri dugun liburu hau lan horren guztiaren emaitza da.

Noiz hasi zinen liburua jorratzen?

2017ko urrian artxibategien hustuketak hasi genituen, eta horrekin batera, urritik azarora bitartean, Alegiako Udalean Oroimen Bulegoa ezarri genuen. 1936-1945 bitartean errepresioa jasan zuen herritar oro beren testigantza eta dokumentazioa ekartzera gonbidatu genuen. Alegia herri txikia izanik ere, jende dezente bertaratu zen. Behin dokumentazioa hustu ostean, hura aztertu eta elkarrizketatu berriak aurkitzen joan ginen. Jasotako informazioa hausnartu eta Alegiako garai hartako testuingurua ulertu ostean, liburua idazteari ekin nion. Liburua 2018ko azarorako amaituta zegoen, eta 2019ko martxoaren 23an Alegian aurkeztu genuen.

Zenbat elkarrizketa egin behar izan dituzu?

Liburuan guztira sei bat elkarrizketa argitaratu badira ere, hogei bat alegiarrekin egon naiz hartu-emanean. Franco hil ostean instituzioek hura guztia ahazteko hartu zuten jarreraren eraginez, ezerezean geratu zen sufrikarioa pasatu zuten pertsona haiei guztiei egin behar zitzaien aitorpena. Hori dela eta, oraindik askori zaila egiten zaie beraientzat hain traumatikoa izan zen garai historikoaz mintzatzea. Elkarrizketatutako batzuk gerra eta ondorengo diktadura lehen pertsonan bizitakoak dira; beste batzuk, berriz, haien seme-alabak zein bilobak izan dira. Modu horretan, historia, isilpean eta erdizka bada ere, belaunaldiz belaunaldi pasatu izan da etxeko pribatutasunean, eta hura ahaztea ezinezkoa izan zaiela ikusten da. Batzuei, oraindik ere, eztarria korapilatzen zaie beren gurasoek pasatutakoaz mintzatzean. Alegian argitaratu dugun liburuaren bidez, aitorpen ofiziala egin eta pasatu zuten sufrikario guztiari errekonozimendua egiten zaio. Pertsona horiek guztiek egia, justizia eta erreparaziorako aitorpena izan dute urte luzeen buruan. Izan ere, iragana aztertuz, orainaldia ulertu eta etorkizun hobea eraiki daiteke.

Horrelako beste proiekturik ba al duzue esku artean?

Euskal Herriko beste zenbait herritan antzeko proiektuak garatzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartea. Interesgarria litzateke Azkoitian ere antzeko proiektu bat martxan jartzea, gure herriko gazteek beren arbasoen bizipenen berri izan dezaten, eta, hori landuz, haiek bizi zutenaz ohartu eta etorkizunean halakorik errepikatu ez dezaten. Modu horretan, etorkizun hobea eraikiko da.

Iruzkina egin

Your email address will not be published.

Testigantzarik edo dokumenturik gehitu dezakezu?

Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.

Harremana