Proiektua

Azken urteetan zehar, Gerra Zibila eta ondorengo diktadura frankistari dagozkion ikerketak gauzatu dira euskal geografia osoan zehar memoria historikoa berreskuratzeko asmoz. Tokian toki, instituzio publikoek, ekimen-pribatu zein partikularrek bultzatu dituzte ikerketa horiek, garatu ahal izateko leku bakoitzeko baldintza materialen araberako prozedurak erabili direlarik.

 

Aplikatutako metodologiak gora-behera, Hego Euskal Herriko historia garaikidean berebiziko garrantzia izan duen garaia ahanzturatik berreskuratu ahal izan da. Izan ere, Gerra Zibilean eta Frankismoan gertatutakoa ezagutu eta ezagutaraztea funtsezkoa da Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatarien Bulegoak ezarritako oinarrizko eskubideak osatzeko. Honakoak dira oinarrizko eskubide horiek: Egia Jakiteko Eskubidea, Justiziarako Eskubidea eta Erreparaziorako Eskubidea.

 

Horri dagokionez, Aranzadi Zientzia Elkarteak Hego Euskal Herriko udalerri ezberdinetan Gerra Zibilean eta Frankismoan gertatutakoa aztertzeko hainbat ikerketa historiko eta proiektu gauzatu ditu. Bien bitartean, geografia espainiar osoko 300 hobi komunetatik 5.000 gorpu hobitik atera eta berreskuratu ahal izan ditu metodologia arkeologikoaren bitartez.

 

Lan hauen helburua Hego Euskal Herriko txoko guztietako gertakari beliko eta politikoak zein herri bakoitzean gatazka armatuak eta ondorengo diktadurak zein ondorio eduki izan zituen ezagutzea da. Oinarrizko helburua, ordea, giza faktorean sakontzea da. Horretarako ikerketa guztietan – proiektu honetan barne – testigantzak jaso dira garai hura bizi izan zutenei edota gerraren ondorioz hil edo errepresioa jasan zutenen zuzeneko senideei. Izan ere, Gerra Zibilean eta Frankismoan gertatutakoa ezagutzeko ez da aski narrazio historiko orokorra eratzea edota ondare higiezinen aztarnen garrantzia azpimarratzea (adibidez Burdin Harresiarena edota Elgetako lubakiena). Kontakizun orokorretik tokiko historiara eta historia pertsonaletara jaistea beharrezkoa da.

 

Kontuan izan behar dugu, ildo horretatik, Jon Mirena Landa Gorostiza Euskal Herriko Zuzenbide Penaleko katedradunak ezarritako pautak:  gerran zehar tropa frankistek gauzatutako krimenak eta garaileek gerra ondoren egin zituztenak, ez ziren kasu isolatuak edo gerra testuinguruan gauzatutako bere onetik ateratako kasuak izan. Aitzitik, iturri historikoek nabarmentzen dutenez, krimen horiek populazio zibilaren aurkako krimentzat har daitezke, Erromako 7. Estatutuan jasotzen denaren zentzuan. Hau da:

“(…) jarrera batean inskribatutako krimenak bezala. Jarrera horiek 1. parrafoan aipatzen diren ekintzak [erailketa, sarraskia, esklabotza, deportatzioa, espetxeratzea…] dira. Populazio zibilaren aurka egitea, Estatu baten politikarekin adostasunean edo antolakunde batek eraso edo politika hori gauzatzeko adostasunean egitea.”

“Erasoaren” definizioa Krimenen elementuak deritzon dokumentu batekin osatzen da:

“Ez da beharrezkoa ekintza horiek eraso militarrak izatea. “Erasoa egiteko politika” bezala ulertzen dena ondokoa da: Estatuak edo antolakuntzak populazio zibilaren aurkako “erasoa” sustatu edo aktiboki bultzatzea.

 

Beraz, esan daiteke bando frankistak gauzatutako krimenak gizateriaren aurkako testuinguru batean gauzatu zirela. Beste kontu bat da kalifikazio juridiko horrek aukera eman behar ote lukeen gaur egun gertakari horiek auzipetzeko, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidetik eratorritako betebeharren arabera (horren barnean geratzen dira nazioarteko zuzenbidetik eratorritako zuzenbide humanitarioa), baina lan honetan ez dagokigu hori argitzea.[1]

 

Donostia 1936-1945 Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari talde batek eratutako proiektu bat da eta 2017an hasi zenetik Donostiako Udalaren laguntza ekonomikoa jaso du. Proiektu honen berariazko helburua memoria historikoa berreskuratzea da, Donostian (edo beste leku batean) eta donostiarren aurka Gerra Zibilean eta erregimen diktatorial frankistan gauzatu ziren giza eskubideen urraketak ezagutaraztea.

1936 eta 1945 artean giza eskubideen urraketa desberdinak jasan zituzten pertsonak aurkitzeko ahaleginak egin dira, hala nola gerrako frontean hil zirenak identifikatu. Lan honen bitartez, Donostiak giza eskubideei dagokien Zuzenbide Internazionala aintzat hartu eta bere egingo ditu Egia, Justizia eta Erreparazioaren printzipioak. Horren harira, kontutan izan dugu euskal instituzioen gehiengoarentzat oinarrizko helburua eta ezin utzizko konpromisoa direla batetik, memoria kolektiboan txertatu ahal izateko gertatutakoa argitu eta zabaltzea; bestetik, tokiko instituzioek ahal duten heinean justizia egitea eta azkenik, gerraren eta diktaduraren laztura jasan zutenei erreparazioa egitea.

 

Hori guztia kontuan izanik, Gogora Institutuak garatu eta ezarri dituen ildo eta kategorizazioa aintzat hartu dugu lan honetan. 2017ko maiatza eta abendua bitartean bigarren mailako iturriak berrikusi eta egiaztatu dira (publikazioak, dokumentalak, testigantzak, erakusketak, monumentuak, web orrialdeak, eta abar). Halaber, Donostiako Udal Artxiboan dagoen dokumentazioa kontsultatu eta hustu da.

 

Lan horiei jarraiki, 2018an, probintzia, autonomia eta estatu mailako hainbat artxiboetara jo da, lehendik jasotako informazioa berretsi eta osatzeko asmoz. Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintziala izan da kontsultatutako artxiboetako bat eta bertan Donostiako Espetxe Probintzialeko (Ondarretako) 3.968 espetxe-espediente hustu eta filtratu dira. Horretaz gain, Ipar-Mendebaldeko Erdi-Mailako Artxibo Militarrean babestuta dauden 55.000 espediente atera dira. Espediente guzti horiek Donostian jaio edo bertako bizilagunak zirenen gerra kontseiluetan epaituen ingurukoak dira.

 

Aldi berean, Oroimen Bulego bat jarri zen martxan. Honakoa doako zerbitzu bat da eta bertan herritarrek senideen inguruko edota pertsona errepresaliatuen inguruko datuak kontsultatu eta eskaini ahal izan dituzte. Egun ere aukera dago horretarako. Oroimen Bulegoa Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza nagusian dago kokatua 2017ko maiatzetik. Honi esker ehunka pertsonak dokumentazioa eta testigantzak eskaini ahal izan dituzte. Bertan dokumentazio historikoa jasotzeaz gain, testigantzak grabatu zaizkie errepresaliatutako pertsona edota zuzeneko senideei.

 

Informazio guzti hau proiektu honetarako sortu den berariazko datu base batean jaso da. Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuak eratu duen datu basearekin bateragarria izango da eta informazio guztia partekatu ahal izango da. Dokumentatutako pertsona bakoitzak banakako fitxa bat du, web-orri honetan kontsultatu daitekeena, hala nola kasu bakoitzean froga bezala erabili den dokumentazioa edo bibliografia. Editatzen diren heinean, gutxika, grabazioak txertatzen joango dira bertan. Era berean, errepresaliatu bakoitzaren banakako fitxatik eta eranskin dokumentaletatik abiaturik, bakoitzaren biografiak eratuko dira gertatutakoa hobe ulertze aldera.

 

Beraz, honakoa proiektu bizi bat da, aportazio, eraldaketa eta zuzenketei irekia dagoena. Horrela Donostian gertatutakoan sakondu ahalko da baina batez ere, jakin ahal izango dugu 1936 eta 1945 artean oinarrizko giza eskubideen urraketak nortzuk jasan zituzten. Gurekin kontaktuan jarri nahi baduzu, gure kontaktu-formularioaren bidez egin dezakezu.

 

[1] LANDA GOROSTIZA, J.M., Estudio preliminar con relación a un Informe de vulneraciones de derechos humanos en el período 1936-1978, Gogora, Bilbao, 2015.

 

 

 

Testigantzarik edo dokumenturik gehitu dezakezu?

Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.

Harremana